2011. urtean, Arazi eta Fitgüne enpresek beraien indarrak batu zituzten, helburu bakar batekin: triatloia gazte zein emakumeengana gerturatzea. Lehena kudeaketa eta ekitaldietan aditua eta bigarrena, kirol aholkularitzan, erronka honi aurre egiteko tandem egokia osatzen zuten.
Futbola, saskibaloia eta eskubaloiak betetzen zuten eskola kiroleko egutegia, eta nerabezaroa gerturatzean, askok kirola egiteari uzten zioten, batez ere, neskek. Triatloia helduentzat zuzendutako kirola zen, eta oso muturrekoa gainera. Gizartearen iritziz, triatleta izateko forma fisiko altua izatea beharrezkoa zen. Kontzeptu hauek hankaz gora jartzeko nahiarekin eta gazteen artean triatloia sustatzeko gogoz jaio zen Triatloia Maite Dut egitasmoa, aurrerantzean TMD egitasmoa.
TMD egitasmoa, bati-bat gazteei zuzendua dago, eta triatloia ezagutzeko eskaintza zabal bat aurkezteaz gain, balioak sustatzeko plataforma bat izan nahi du, eta besteak beste, berdintasuna, laguntasuna, izaera aktibo eta positiboa bultzatu euskaraz. Dagoeneko ibilbide luze bat egin du TMDk eta ehun ekintza inguru antolatu dira egitasmoaren baitan, kirol udaleku, triatloi proba eta nerabeei zuzenduriko jardueretan sailkatzen direlarik. Urtero 1.300 gaztek baino gehiagok hartzen dute parte Triatloia Maite Dut egitasmoko jardueretan, kopuru hau urtetik urtera handitzen doalarik.
Euskal Herriko txoko guztietako hainbat triatloi klubek bat egin dute TMD egitasmoarekin, gazteei zuzendutako beraien ekintzak egitasmoan txertatuz. Klub horien artean da Zarauzko Nik Tri triatloi elkartea ere, lehen egunetik egitasmoaren sustatzailea izan den elkartea.
Zorionez, egitasmoaren helburuekin bat egiten duten bidelagun leialak ere topatu ditu TMDk. Instituzio publikoei dagokionez, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskadiko zein Gipuzkoako Triatloi Federazioen babesa du. Babesle pribatuei dagokionez, besteak beste, Baserria KM0, Eusko Label, Laboral Kutxa eta Catalana Occidenteren laguntza du.
Triatloiarekiko duen ilusioa itzela da eta haren gurpilari itsatsita gabiltza guztiok.
Triatloi ezberdinetan parte hartutakoa, eta gure udalekuak fin-fin antolatzen dituena.
Bere diseinuak ikusgarriak dira, orain entrenatzaileren batekin dabil fuerte. Kontu honekin!
Izugarrizko hitz-jarioa du, bere testuak dira hemen agertzen direnak. Txirrindularitza da bere pasioa, bizikleta gainean eta sofan eserita.
Ilustratzaile, diseinatzaile eta tarteka Behobia-ren bat edo beste egiten du.
Sare sozialetan aditua. Kirola? Tripode eta mugikorra hartuta metro pilla egiten ditu egunero.
Ideia eroekin datorrena egunero, zer bururatuko ote zaio hurrengoan? Raketa eta pilotarekin txukun antzera moldatzen da.
Triatleta ohia eta entrenatzailea. Eskerrak norbaitek gaiaz badakien!