13 Ekainak Elkarrizketa: On Ekin, nutrizioan adituak
Elikadura triatletentzat: gomendioak proba aurretik, bitartean eta ondoren
Triatloiak exijentzia handiko proba fisikoak dira, eta horietan errendimendu ona izateko elikadura oinarrizkoa da. Horregatik, On Ekin taldeko nutrizio-adituekin elkartu gara Adicto Bike dendan eta triatleten elikadura-ohiturei eta estrategiei buruz hitz egin dugu.
Zer jan triatloi bat baino lehen?
Adituek diotenez, elikadura ezin da azken momentura arte utzi: entrenamenduarekin batera prestatu behar da. Proba baino bi egun lehenago hasi behar da karbohidrato kantitatea handitzen, gorputza energiaz betetzeko. Gomendatutako jakiak dira pasta, arroza, kuskusa, eta garrantzitsua da zuntz gutxi izatea, digestio arina bermatzeko. Proteinak ere beharrezkoak dira, baina neurriz: arrautzak edo oilaskoa dira adibide egokiak.
Eta proba bitartean?
Proban zehar, karbohidrato azkarrek, gel isotonikoek eta edari egokiek energia ematen dute modu eraginkorrean. Garrantzitsua da uraren eta gatzaren bidezko hidratazio egokia mantentzea, deshidratazioak errendimenduan eragin zuzena baitu.
Gelak eta suplementuak: bai ala ez?
Gel eta suplementuak egoera konkretuetan lagungarriak izan daitezke, baina ez dira guztiontzako egokiak eta ez lukete izan behar oinarria. Adituek ohartarazi dute gehiegi fidatzea arriskutsua izan daitekeela: digestio arazoak, errendimenduaren gorabeherak edo ohitura ez osasungarriak eragin ditzakete. Elikadura orekatua da beti abiapuntu onena.
Azken gomendioa…
Emaitza onak lortu eta entrenamenduez gozatzeko, eguneroko elikadura-ohitura osasungarriak dira gakoa. “Gure helburua ez da soilik triatloi bat amaitzea, baizik eta bide osoaz gozatzea”, azaldu dute On Ekin-ekoek. Elikadura egokiarekin, gorputzak eta buruak indartsuago jokatzen dute.