Ze material behar dut triatloirako?

Atal honen helburua, triatloi proba baten aurrean beharrezko materialik ez ahaztea da. Eta ziur gaude etxean dituzun gauzekin moldatuko zarela.

Bideoan triatleta federatu batek eguneroko entrenamenduetan zein lehiaketetan erabiltzen duen materiala agertzen da. Baina gure kasuan, askoz gutxiagorekin ere moldatuko gara.

Zure lehen triatloia dela? Honako materiala prestatu:

Igeriketa modalitaterako:

  • Arropa: tritrajea baduzu, hau erabiltzea gomendatzen dizugu. Izan ere, modalitate guztietan erabili dezakezu, bestelako arroparik gabe. Ez duzula? Ez da ezer gertatzen. Bainujantzi bat sartu motxilan.
  • Txanoa: ez ahaztu igeri beti txanoarekin egin behar duzula.
  • Betaurrekoak: non zabiltzan ikusi nahi baduzu behintzat, hartu betaurrekoak. Gomendioa: igeri egiten zauden bitartean betaurrekoak ez mugitzeko, txapelaren azpitik jantzi.
  • Neoprenoa: ume-gazte probetan zein proba herrikoietan ez da beharrezkoa. Kuriositate moduan jakin dezazun, proba federatuetan neoprenoaren erabilera distantzia eta uraren tenperaturaren araberakoa izango da, derrigorrezkoa, onartua edo debekatua bihurtuz.

Bizikleta modalitaterako:

  • Bizikleta: errepideko bizikleta zein mendiko bizikleta izan daiteke, baina beti ere egoera onean egon behar du. Beraz, frenoak, gurpilak etab aurrez ongi aztertu.
  • Kaskoa: denetan garrantzitsuena. Hau gabe ezin da parte hartu. Kontuan izan zure babeserako dela, eta zure neurrikoa izatea garrantzitsua da.
  • Oinetakoa: korrikako oinetakoak erabili ditzakezu. Nahi baduzu, eta kalekin abila bazara, hau ere posible da.
  • Galtzerdia: hautazkoa. Oinetakoak mina ematen badizute, jantzi. Bestela, uretatik ateratzean zuzenean oinetakoak jantzi ditzakezu.
  • Arropa: tritrajea baduzu, ez duzu aparteko arroparik behar. Ez baduzu, niki bat eraman.
  • Dortsala eta goma: dortsala proban bertan emango dizute. Hau eusteko goma (portadortsala) baduzu, primeran. Bestela, kateorratzekin moldatuko zara.

Korrika modalitaterako:

  • Oinetakoa: bizikletan korrikako oinetakoak erabili badituzu, hauekin primeran. Kalak erabili badituzu, korrikako oinetakoak ere hartu beharko dituzu.
  • Arropa: tritrajearekin edo bizikletan erabili duzun nikiarekin moldatuko zara (galtzak ez dira beharrezkoak, azpitik bainujantzia izango baituzu).


X